‘Inon ez, inoiz ez’ kritikarien begietatik

Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez dugunez eskuartean hilabete honetan, kritikak liburuari buruz esandakoak bildu ditugu. Eman du zer esana!

Gaztezulo, Iraitz Ugalde: “Inon ez, inor ez” 

Obabako Testiguak, Jon Iraola: “Inon ez, inor ez”

Berton, Iraitz Urkulo: “Fantasiaren distira

Zu zeu, Kugema : “Inon ez hemen, inoiz ez orain”

Barnezine, Iñigo Basaguren-Duarte: “Hemen eta orain

Advertisements

Iban Zaldua: “Kaosaren teoriaren arabera aukeratzen dut zer irakurri, gehienetan”

Iban Zalduak ikasturteko lehenengo testa erantzun digu fin-fin. Hona kontatu diguna:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Michel de Montaigneren Entseguak, Stanislaw Lemen Astronautas,  Roberto Alifanoen El humor de Borges, Sara Mesaren Mala letra, Claudia Roth Pierpointen Roth desencadenado, eta Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Sentsazio hori, azkenengoz, Ana Malagonekin izan nuen, Lasai, ez da ezer gertatzen liburuagatik. Baina berehala pasatu zitzaidan, adiskideak garelako.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Aldizkariak. Azken aldi honetan batez ere Rockdelux, Mondo Sonoro, Jot Down, Galde, Larrun, Stee-Eilas-en buletina…

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Motxilan une horretan daramadana (beti eraman behar da liburu bat motxilan, gutxienez). Baina ez zaizkit iruditzen leku erosoak irakurtzeko, oro har, eta ez naiz maizegi joaten.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Azken urte  hauetan, Jhumpa Lahiriren Tierra desacostumbrada, eta Ana María Shuaren Contra el tiempo.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Historia osokoa? Zaila da. Obabakoak, Gorde nazazu lurpean, Bizia lo? Hiru horien artean, gaur galdetzen badidazu, baina bihar igual beste erantzun bat emango nizuke.

Ze abesti da literatura?

Van der Graaf Generator-en “La Rossa”, adibidez. Van der Graaf Generator eta Peter Hammill oso literarioak iruditzen zaizkit, oro har.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Ez dakit, jende askori. Azkeneko hirurak, Alice Munrorena, Patrick Modianorena eta Svetlana Aleksievitxena, nahiko duinak iruditu zaizkit. Argiago daukat nori ez niokeen emango, aditzen diren izenen artean: Haruki Murakamiri.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Edgar Rice Burroughs-en El regreso de Tarzán eta Robert Louis Stevensonen La isla del tesoro.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Rikardo Arregiren, Angel Erroren edo Iñigo Astizen edozein.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Lehen aipatu dudan El regreso de Tarzán: beldur naiz oso txarra irudituko litzaidakeela, eta garai bateko oroitzapen ona gorde nahi nuke. Altxor uhartea, ordea, euskarazko itzulpenean leitu nuen duela ez hainbeste urte, eta primeran eutsi diola esango nuke.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Garoa? Itsasoak ez du esperantzarik? Horietakoren bat. Gorroto hitza gehiegizkoa iruditzen zaidan arren.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Depende nor den eskatzen didana, eta depende unea ere, noski. Saiatzen naiz gomendio generiko-orokorrak ez egiten, ze aukeratzeko gehiegi dago. Zorionez.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Ez, baina zer inporta du nik horri buruz esan dezakedanak? Edonola ere, badago zerbait okerragoa best-seller bat baino, eta da best-seller gura bat.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Kaosaren teoriaren arabera, gehienetan. Irakurle desordenatua naiz. Euskal literatura, zenbaitetan, aberriagatik irakurtzen dut, orobat.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Oscar Wildek, ouija bitartez.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Harkaitz Canoren Beti oporretan, ziurrenik, gehiegi atzeratzen ari baitzait. Kontua da lagunek ez didatela liburuaren kritika onik egin, eta beldurtxoa diodala…

E-dazlea: Iban Zaldua

Iban Zaldua idazle donostiarra da. Gaur egun, Gasteizen bizi da eta bertako irakurle kluba gidatzen du. Ipuinak dira, batez ere, idatzi dituenak, baina saiakerak eta nobelak ere baditu bere kurrikulumean.

Inon ez, inoiz ez liburuaren harira Argian egindako elkarrizketa honekin hurbildu gaitezke gehixeago egilearengana.

iban

2016/2017 ikasturteko ERAKURGAIAK

Hauek izango dira 2016/2017 ikasturteko erakurgaiak:

Inon ez, inoiz ez. Iban Zaldua

 X hil da. Alaine Agirre

Laranja bat zaborretan. Patxi Zubizarreta

Babeserako kopia. Goizalde Landabaso

Amaren eskuak. Karmele Jaio

Baionak ez daki. Bea Salaberri

Harrotasuna eta aurrejuzguak. Jane Austen

Intemperies, babes bila. Lourdes Oñederra

Rock&roll. Aingeru Epaltza

Inon-ez-hemen-inoiz-ez-orain-3

Animatuko zara baten bat erakurri eta gurekin iritziak trukatzera?

Surik gabe hasitako ikasturte baten kronika

Surik gabe hasi genuen ikasturtea, baina Katixa Agirreren ipuinek piztu zuten garrik erakurleongan.

Gero, zergatikpanpoxka hasi ginen, galderak galdeginez gure buruari, senarrarengandik bereiztutako ama baten kezkak gure bihurtuta, bere garaian Arantxa Urretabizkaiak euskal literaturan marka ederra utzi zuela gogora ekarriz.

Galdera horiei erantzuna bilatzen genien bitartean, eskutik heldu genuen Kirmen Uribe ondarrutarraren poesia. Erakurle gehienek aitortzen dute poesia irakurtzeko ohiturarik ez dutela, baina behin irakurtzen jarrita

Eskutik eskura, gerezi denborara iritsi ginen. Inazio Mujikak 36ko gerrara eraman gintuen, Donostia eta Bilbon borrokan aritu ziren anarkistengana. Gereziak, gainera, Eibarko Irakurketa Taldearekin bat egiteko aitzakia izan zen

Gero, kondenatu baten azalean sartu ginen, haren bizitzako azken eguna konpartitzeko -pixka bat hil ote ginen berarekin?-, Victor Hugori esker. Juan Mari Agirreurreta itzultzaileak itzultze-lana nola egin zuen azaldu zigun.

Aurten Aste Santua nahiko goiz izan da eta gutako askok egun horiek norabait joateko aprobetxatzen dituenez, nahita ere aproposagoa izan ezin zitekeen Harkaitz Canoren azken ipuin-bilduma –Beti oporretan- izan genuen bidaialagun.

Bueltako bidaian Yurre Ugarteren Gasolindegian geratu ginen, depositua betetzen nobela bihurtu arte bikain harilkatzen ziren ipuin itxurako kapitulu horietan, Bidasoaren ertzean, gisa guztietako mugen ertzean.

Mugak eta ertzak -oraingoan norberaren bizitzarenak, norberaren azaleranak- arakatzen jarraitzeko aukera Miren Agur Meabek eman zigun, Kristalezko begi bat-ekin autobiografia faltsu intimo bat irakurriz. Hilabete horretan, Donostiako Literaktumen ere izan ginen. Anjel Lertxundik idatziko Zu nobela disekzionatu zuten Goizalde Landabaso poetak eta Lertxundik berak, eta guk, erakurleok, zuzeneko jarraipena egin genuen twitter bidez.

Azkenik, udari begira jarri gara, kanpora begira, ikasturtetik kanpora behintzat. Jabier Muguruzak lagundu gaitu horren, Laura kanpoan baita; eta harekin… gu ere bagoaz… 

Uda pasa ondoren berriz bueltan izango gara… Eta denak zaudete gonbidatuak erakurle izatera!

(Ikasturtea nola joan den @erakurleak eta erakurleak.wordpress.com-en ikus dezakezue)(bide batez, mila esker horren adeitsuko hartu gaituzten idazle guztiei!)

descarga

Iritzi trukea: ‘Laura kanpoan da’

Musikaren bi alde erabat ezberdin ekarri dizkigu Jabier Muguruzak Laura kanpoan da liburuko bi narrazioetan: batetik, musika-parranda-lagunartea biltzen dituen koadrila baten ibilerak liburuaren izenburua daraman narrazioan, bestetik Nestor pianistaren momentu gazi-gozoak Mont-de-Marssan narrazioan.

Ze melodia/doinu/sentsazio utzi du zugan liburu honek?